XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Urdin beilegiztatuak ziren Lusmoreren begiak eta mutu izateak handitu egin zizkion espresioa sakonduz.

Matrailak ere saxoa jotzeko kemenaren ondorioz puztuak zituen, eta pausokera ostruka eta pinguinoaren arteko sintesi balantzati bat zen.

Lasarinak ilunpera jarritako hontzaren begi diamantezkoekin ikusten zuen mundua eta adatsa behiala udaberriko loreen dizdirakoa, egun murtxindua ageri zen.

Ez zen damutzen Cafe zurail haietan emandako urteetaz.

Maitasun ezak bakarrik izorratu zuen pailaso triste bat bihurtzeraino eta maiz otutzen zitzaion bere bizitza umetan lagun batek urez betetako botila batean ile bat sartu eta urte bete ondoren suge bihurtzen zela esan eta gertaezinaren zai igaro zuen sasoi hura bezelakoa zela.

Lusmorek ordea, ez zuen bere bizitza Cafe haien geografia hits eta muskilean imajinatu nahi, horregatik karakotsa ziudadeko kaleetara sartzen zenarekin batera samalda artera jotzen zuen saxoarekin.

Cafetik kalera ilki zirenean portuko azken anima biziak ezkutatzen ari ziren behebarruetan, non mozkorrek ez zuten eskaratz muturrik ere igoko, katuek ez zuten bikoteen estasiaren sekretua argituko, pirata txainkuruek ez zuten tesororik aurkituko eta estraperlariek ez zuten heuren buruarekiko ordaririk ikusiko.

Lana egiten zuen Cafeko nagusiak ordaintzen zuen kuartoska batean bizi zen Lasarina, eta Lusmorek bizitoki jakinik ez zuenez horra zuzendu ziren.

Eskailerak igo, itxituratik lekorera irristatzen zen sokari tira eta atearen kirrika isildu zenean barruan zeuden.

Kadira bat zuhirin mortziloekin, ispilu handi bat argazkiz estalia, altzari zurrun batzuk (...).